Euskara mundiala da, sekulakoak direlako euskarak eman dizkigun une, bizipen, eta abar. Euskararen historian ere, mundiala izan da euskararen herria asimilatu nahi izan dutenen aurrean euskaldunok garenari eusteko erakutsi dugun gaitasuna eta indarra.Mundiala, euskara iraganeko eta lurpean nahi zuten inperioen aurrean euskara lau haize freskotara zabaldu eta etorkizunerako utzi duten herritarren grina. Mundiala, euskarak, euskaldunok, euskararen herriak bizi izan dugun eta egun bizi dugun jazarpen, kriminalizazio eta debeku etengabea. Mundialetan mundiala, baina, herri mugimenduetako euskaltzale guztien itzala.
Ospatu dezagun gaurkoan euskararen biziraupena ziurtatzeko egin den orotariko lana. Aldarrikatu dezagun, hitz ponposoen gainetik, geroa euskaraz eraikitzeko dugun eta duzuen ardura, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko duzuen betebeharra. Eta salatu dezagun, bide batez, hizkuntza politika burujabe bat garatzeari uko egin eta menpeko hizkuntza politikak kudeatzen dituen Jaurlaritzaren mugarik gabeko hipokrisia eta iruzur mundiala.
Jaurlaritza eta instituzioak beti herri gogoaren atzetik herrenka ibili badira ere, domina nagusia norberetzat. Errua, aldiz, euskaldunona da, zuen esanetan. Erabileran dagoela gakoa diozue: «Euskara maitatu eta erabili ahal izatetik erabili nahi izatera eta erabiltzera jauzi» egitean, alegia. Euskaldunon atxikimendu eskasaren ondorio balitz bezala herri euskaldunaren errealitate ankerra. Euskaldunok errudun berriz, eta ez mendez mende euskaldunoi euskara ukatu eta debekatu digutenak; egunez egun euskararen normalizazioari «inposaketa» eta euskaldunon azpiratzeari «bizikidetza» deitzen diotenak. Gatazkaren konponbidean euskaldunoi zor zaigun erreparazioa kontuan hartuko balitz… hori bai mundiala!
Euskararen arnasguneetan, euskaldun kopuru altua duten herrietan zein bestelakoetan familia-mediku erdaldun elebakarrak Jaurlaritzak jarri ditu. Egungo ereduek euskalduntze maila eskasa bermatuta hirueleko ereduan sakontzea ez da herritarren ardura. Iragan abenduko Euskal Selekzioaren partidan ertzain batekin euskaraz jarduteko hautua egiteagatik salatutako gazte lesakarrari Jaurlaritzak ukatu dio erabilera. Jaurlaritzak txarretsi du euskararen beharrezkotasuna kontratazio publikoetan, euskaldunok administrazioarekin euskara erabiltzea oztopatuz.
Gezurra erabiltzen duzue gainera, euskaldun kopurua gorantz doala esanez, euskaldunon ehunekoa beheraka doanean (erdaldun kopurua azkarrago doalako gora). Iruzurraren zerrenda luzeegia da hemen agertzeko. Ondorioak, aldiz, asko eta aldi berean bakarra: ezin gara euskaraz bizi geure herrian bertan.
Areago, euskaraz bizi eta berau erabiltzeko, lehenik ezagutu egin behar da euskara. Horra gakoaren gakoa. Eta ezagutza bermatzeko neurri zehatz eta eraginkorrak behar dira. Horra gakoaren gakoaren gakoa. Zerrenda hau ere, luzeegia hemen agertzeko.
Horregatik, hitz edulkoratuen gainetik, dagokizun arduratik euskaraz bizi gaitezen ahalbidetzeko ekintza ausartak eta eragingarriak aitzinatu ditzazun galdegiten dizugu Euskal Herrian Euskarazetik. Eskerrik asko eta hurren arte.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Gasteizen, 2013ko abenduaren 3an
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean